Bidaia on, Vanessa!
Urtarrilak 14
Beitxu Vanessa, zenbat jende zu agurtzera, zenbat aldiz egon zara inguru honetan , urte asko eman dituzu gurekin eta gehienok baino hobeto ezagutzen dituzu bertoko zirrikituak.
Hemen, egunerokotasunean, guretzat zure ezaugarririk handienak alde batetik baretasuna eta denontzat izan duzun goxotasuna izan dira, zure ondoan denok sentitu gara itsaso bare baten inguruan egotea bezain lasai.
Vanessa badakigu oso rock zalea ere izan zarela. Jakin izan duzu noiz izan barea eta noiz utzi espiritu errebeldea distiratzen, oreka perfektua sortuz barneko bakearen eta kanpoko pasioaren artean.
Apaltasunean handia izan zara Vanessa. Bizitzan ez da zertan zarata gehiegirik atera behar gauza handiak egiteko, lankideekin, lagunekin, familiarekin, egunerokoan disdira egin duzu, zarata handirik egin gabe, zuri gustatzen zitzaizun bezala.
Gaztetatik besteei laguntzeko prest egon zara, ikaskide izan zaitugunok ondo dakigu hori, non egongo nintzen ni zure apunterik gabe? Nirvana, Soundgarden edo Blind Melonen kamiseta hoien atzean, ile motz eta gorri laranja horren azpian, besteei entzuten zekien persona zoragarri bat zebilen unibertsitatean barrena. Hemen ere, apaltasunean handi eta aintzindari, futbolaria zinen eta zalatzarik egin gabe, garai haietan soilik mutilena zen kirol horretan aritu zinen, mutilekin eta mutilen aurka.
Gazte gaztetik, argi zeneukan bizitzako txinpartekin, haurrekin lan egin nahi zenuela. Irakasle bezala, zure dedikazioa nekaezina izan da. Vanessa, irakastea maite zenuen, eta are gehiago haurrekin egotea. Bazenekien haurrekin egoten, harremantzen, entzuten, izaten… eta ziur gaude zure maitasun eta pazientziarekin zenbait haurren bizitzaren norabidea eta zergatik ez, bizitza bera ere aldatu dituzula, ziur hobera. Argi zeneukan: hezkuntza ez da soilik ezagutzak transmititzea, baizik eta pertsonak baloreetan heztea, enpatiaren eta pentsamolde irekiaren bidez bizitzaren erronkei aurre egiteko. Zure heriotzarekin bizitzak guri jarri digun erronka honi aurre egiteko, adibidez…
Tristura sakona sentitzen dugu, badakigulako uzten duzun hutsunea bete ezina dela. Badakigu, halaber, zure ondarea gugan bizi dela. Zure borrokaren sendotasunean, zure familiari eman diozun baldintzarik gabeko maitasunean, zure lagunei eskaini zenien eskuzabaltasunean eta zure lanean jarri zenuen grinan. Erakutsi zenigun, une ilunenetan ere, maitasunaren eta itxaropenaren argia ez dela inoiz itzaltzen. Hain gogoko zenuen Kurt Cobainek esan bezala “Izarrak hortxe daude, begiratu besterik ez duzu egin behar.”
Min handia ematen digu jakiteak ezin izango zaitugula gehiago ikusi, baina badakigu zure esentziak beti iraungo duela gugan. Erakutsi diguzu ausartak izaten, amore ez ematen, maite dugunaren alde borrokatzen, eta bizitzako une bakoitza opari gisa baloratzen.
Eskerrik asko, Vane, eman diguzun guztiagatik. Gurekin eramango zaitugu irribarre bakoitzean, maitasun-keinu bakoitzean, gainditze-une bakoitzean, eta zergaitik ez? Haserraldi bakoitzean edo tristura momentu bakoitzean ere. Zure maitasuna, zure indarra, zure adibidea geratzen zaigu. Eta izan ziur ez zaitugula ahaztuko, zure oroimena gugan biziko baita.
Hartu atseden bakean, adiskide maitea.